Euskal Herria Aintzindari

Euskal Herria Aintzindari

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitzegiten ez dutelako baizik
 
Página principalWebCalendarioFAQBilatuIzenpetuKideakErabiltzaile taldeakLogin

Comparte | 
 

 [Euskarari Bai] Kontseiluak 10 Urte egin du

Ir abajo 
EgileaMezua
Aintzindari
Admin
Admin
avatar

Mezu kopurua : 520
Age : 35
Kokagunea : http://euskalherria-aintzin.team-talk.net/
Registration date : 02/03/2008

MezuaGaia: [Euskarari Bai] Kontseiluak 10 Urte egin du   2008-12-14, 17:22


Euskarari eusteko konpromisoa hartu dute milaka lagunek


'Bai euskarari' lelotik 'Euskaraz bai' lelorako urratsa egin du Kontseiluak 10. urtemuga ospatzeko BECen egin duen ekitaldian

Hizkuntza eskubideen urratzeak salatu eta eskubide horiek errespetatzeko eskatu dute


Irune Berro-Ibai Maruri
Barakaldo


Hauskorra da oreka, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren ekitaldian izan ziren artistek zirkuko ikuskizunak eginez erakutsi zutenez. Eta hauskorra da euskararen oreka ere, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak bildutako euskal hiztunen eskubideen urraketen lekukotasunek azaltzen dutenez.

Jendetza bildu zen atzo Barakaldoko (Bizkaia) BECen. Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako jendeek babesa agertu zioten Kontseiluari, euskarari eusteko apustua berresteaz batera. Konpromisoa hartu zuten euskararen oreka inoiz hautsi ez dadin. Sendoa izan dadin aurrerantzean. Uxue Alberdi bertsolariak kantatu zuenez, «mendiak mugitu ahal baitira inurriak elkartzean». Xabi Payarekin aritu zen Alberdi, Kirmen Uribe idazleak frankismo garaiko eskubideen urraketak gogora ekarri ostean.

Eskujokariekin batera agertu ziren oholtzara Patxo Telleria eta Mikel Martinez. Quim Monzo idazle katalanak Durangoko Azokan emaniko hitzaldian esandakotik tiraka aritu ziren aktoreak. Hizkuntza nagusia itzulpena dela esan zuen Monzok, «ez ingelesa, ez frantsesa». Baina Telleriak eta Martinezek zalantzan jarri zuten itzulpenak egiteko euskaldunon gaitasuna. Ohikoa duten umorez aritu ziren aktoreak, jendearen artean barre algarak eraginez.

Bestelako bisaia agertu zuten hara bildutakoek Elena Irureta eta Asier Hernandez aktoreak euskararen egoeraren inguruan mintzatzean. Hainbat datu eman zituzten. Esaterako, Nafarroako hegoaldean ikasketak euskaraz egitea eragozten duela legeak; Euskal Herrian aritzen diren hedabideek euskaraz lan egiteko betebeharrik ez dutela; eta Herrizaingo Sailak ez diola lanpostu bakar bati ere ezarri bigarren hizkuntza eskabidea... Azaldu zuten, halaber, Ipar Euskal Herriko herritar bati itzultzailerik ez diotela jartzen epailearen aurrean euskaraz mintzatzeko; bai, ordea, Hego Euskal Herriko herritar bati, atzerritar gisa aintzat hartzen baitute. Bruce Springsteenen kontzertuaren antolatzaileei BECeko pabilioia doan utzi zietela azaldu zuten ere Iruretak eta Hernandezek; eta Kontseiluak, aldiz, 80.000 euro ordaindu behar izan dituela esan zuten. Horrek BECera bildutakoak amorrarazi zituen eta txistu eginez agertu zuten haserrea.

Bestelako harrera egin zioten Mikel Urdangarini. Euskararen oreka bezain hauskorra da bizitza bera. Eta hil honen hasieran zendu zen Mikel Laboa musikaria gogoan hartuta egin zuen aurrera ekitaldiak. Laboaren Herria eta hizkuntza abestia kantatu zuen Mikel Urdangarinek. Eta musikariaren doinuei segitu zien BECera bildutako jendetzak, hunkiturik. Txalo zaparrada sentitua jaso zuen Urdangarinek. Eta harekin batera, Laboaren memoriak. Maisuaren omenez abestu baitzuen musikariak.

Behatokiaren salaketa

Zirkuko ikuskizunak egin zituzten eskujokari eta trapezioko artistekin batera, garrantzia handia izan zuten, Eneko Olasagastik zuzendutako ekitaldian, bestelako arteek. Antzerkiak, musikak eta ikus-entzunezkoak, zehatz-mehatz. Behatokiak aurki osatuko duen film dokumentalean bilduko dituzten herritarren lekukotasunak erakutsi zituzten bi pantaila handitan. Ospitaleko medikuek artatzen ari ziren semearekin euskaraz berba egitea eragotzi ziotela kontatu zuen emakume batek. Eta Bilboko metroko langile bati euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik polizia-etxean amaitu zuela azaldu zuen beste emakume batek.

Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia azaldu zen agertokira ekitaldia amaitu aurretik, eta harekin batera, Kontseiluko bazkide diren elkarteetako ordezkariak ere. BERRIA, Elkar fundazioa, Euskal Herrian Euskaraz taldea, Sortzen-Ikasbatuaz eta beste erakunde askotako kideak. Pauso bat harago egiteko beharra nabarmendu zuten denek. Eta Bai euskarari lelotik Euskaraz bai lelorako urratsa egin zuten, han ziren herritarren babesarekin.

Ekitaldiak, halaber, politika arloko aurpegi ezagun ugari bildu zituen. BECen izan ziren, besteak beste, Estibalitz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Sonia Gonzalez LAB sindikatuko ordezkaria, Leire Txakartegi ELAko kidea, Arantza Fernandez de Garaialde EILASeko ordezkaria, Maite Aristegi Nazio Eztabaidaguneko partaidea eta Xabier Azanza Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria. Zenbait alderditako ordezkariak izan ziren, orobat. EAko Unai Ziarreta eta Onintza Lasa, Ezker Abertzaleko Santi Kiroga eta Tasio Erkizia, Aralarreko Josu Murgia eta Zutik taldeko Jose Iriarte Bikila.



Albistearen iturria: berria.info

_________________
Facebooken badugu topaketa gunea: https://www.facebook.com/pages/Aintzindariinfo/389316547806962
Anima zaitezte eta izenpetu hemen klikatuz:
http://euskalherria-aintzin.team-talk.net/profile.forum?mode=register

Gora itzuli Ir abajo
Erabiltzaile profila ikusi http://euskalherria-aintzin.team-talk.net/
 
[Euskarari Bai] Kontseiluak 10 Urte egin du
Gora itzuli 
Orria: 1/1

Permisos de este foro:Foro honetan ezin duzu gairik erantzun
Euskal Herria Aintzindari :: Ongi etorri forora :: Azken albisteak-
Aldatu: